Intro

SINKRO JAIALDIA herrialdeko musika elektroakustikoko eta teknologia berrien ekitaldirik garrantzitsuenetariko bat da. Soinuekin esperimentatzen duten konpositore, interprete, laborategi eta estudioen topalekua da eta bertan, tresna elektroniko eta informatikoen laguntzarekin landutako konposizioa eta sormen artistikoaren eremu desberdinetan garatutako lana erakusten dute. Horretarako, zenbait jarduera gauzatzen dituzte entzuleei musikara aplikatutako azken berrikuntza teknologikoak ezagutzera emateko.

Jaialdi honetan, egungo sormenaren alorreko pertsona garrantzitsu askok parte hartu dute eta joera artistiko berrienen aldeko apustu sendoa egiten du, baita kontzertuan teknologia berriak erabiltzearen alde ere.

2009ko Egitaraua

Xabier Erkizia soinu-artistak emango dio hasiera jaialdiari Ingeniaritzako Ikastegian (hilaren 18an) soinuaren arteari eta adierazpenerako irekita dauden bide berriei buruzko hitzaldi batekin. Arte eta komunikazio mota desberdinen inguruko ikerketak eta jakin-mina dira bere lanaren ezaugarri nagusiak. Bere proiektu eta kolaborazioetan rocka, elektronika, folka eta inprobisazioa bateratu ditu, besteak beste, eta beti esperimentazioaren ikuspegitik.

Jaialdiak Kontserbatorioko Areto Nagusian jarraituko du (hilaren 19an), Freiburgeko (Alemania) Ensemble Aventure talde entzutetsuaren kontzertuarekin. Bertan, instrumentu akustikoak eta elektronikoak batuz egindako lanen bilduma bat eskainiko digute. Talde honek ibilbide luzea du alor honetan, lan berriak sustatu ditu eta etengabe aritzen da beste konpositore askorekin batera ikertzen eta esperimentatzen.

Ensemble Espacio Sinkrok eta Gasteizko Musika Elektroakustikoko Laborategiak proiektu elektroakustiko berri bat aurkeztuko digute (hilaren 24an). Instrumentuen fusioa, elektronika zuzenean, soinu-espazializazioa eta bideo-proiekzioa. Konpositore gazteen obra berriak interpretatuko dituzte, baita XX. mendeko klasikotzat jotzen diren lan batzuk ere. Soinua eta ikusizko elementuak batuz, ikusleekin konplizitatea eta elkarrekintza egotea lortu nahi dute.

“Akusma 09” argi eta soinu proposamen berezia izango da Kontserbatorioko Areto Nagusian azken kontzertuaren protagonista (hilaren 26an). Nazioarteko lan akusmatiko batzuk eskainiko dizkigute. Hitzordu honetara ezinbestean etorri behar dute aretoan instalatutako soinu-proiekziorako 16 kateko sistema akustikoari esker soinu berriak aurkitu nahi dituztenak.

Jaialdiari amaiera emango dion ekitaldia Artiumen egingo da (hilaren 28an) “Soundpainting”ekin. Ikuskizunak Sirius kolektiboaren musika esperimentaleko azken proposamenen eta Juan Luis Goenaga pintorearen arteko elkarrekintza bilduko du. Proiektuak teknologia musikari aplikatzeko modu desberdinak, esperimentazioa eta ikusizko elementuekiko kontrastea proposatzen ditu. Diziplina anitzeko ibilbide honetan entzuleriak pertzepzio perspektiba berriak izango ditu.